XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Langileen mugimenduaren antolamendua eta garapena: Internazionalak

Lehen Internazionala (1864-1876)

Langileen mugimendua eraginkorra izan zedin, antolatuta egon behar zuen eta langile askoren laguntza izan behar zuen. Horretarako, langileek klase zapalduaren kontzientzia izatea beharrezkoa zen, euren eskaerek eta buruek edo zuzendariek oinarri bat izateko.

Ideologia progresista iraultzailea zuen erbesteratutako intelektualez osatutako talde batek, gehienak alemaniarrak, Erbesteratuen Liga (1834) sortu zuen Parisen. Frantziako eta Belgikako antzeko beste elkarte batzuekin harremanetan jarri ziren eta guztiak elkartu eta Komunisten Liga sortu zuten; bertan ondorengoak nabarmendu ziren: Karl Marx eta Friedrich Engels. Ligak Alderdi Komunistaren Manifestua idazteko agindu zien bi hauei 1848ko iraultzaren hasieran. Manifestuaren azkeneko esaldia (Herrialde guztietako langileak, elkar zaitezte!) Ligaren eta langileen borrokaren nazioarteko izpirituaren lelo bihurtu zen.

1864ko irailaren 28an Langileen Nazioarteko Elkartea (LNE) edo Lehen Internazionala fundatu zuten Londresen. Aurrez aurre zeuden bi talde sortu ziren: Marxen aldekoak alde batetik eta, bestetik, Bakuninen planteamendu libertarioen defendatzaileak.

Autoritarioen eta anarkisten doktrinen artean liskarrak egon arren, programa politiko sozialista bat eratu zen eta programa horren oinarria ondorengoa zen: langileen zapalkuntza amaitzeko proletalgoak boterea konkistatu behar zuen eta sistema kapitalista deuseztatu behar zen.

LNE herrialde desberdinetako sindikatuen oinarria izan zen: eduki sozialista sakona eman zien, euren borroka bultzatu zuen eta klase-kontzientzia piztu zuen hauengan. Gobernuek gogor jazarri zituzten internazionalak; izen hori eman zitzaien LNEren zati ziren langileen sindikatuetako eskualde edo herrietako federazioetako afiliatuei. Beranduago sozialista edo komunista deitu zitzaien.

Gero eta handiagoa izan zen Marxen jarraitzaileen eta Bakuninen jarraitzaileen arteko enfrentamendua; lehenengoaren jarraitzaileak sindikalista britainiar eta alemaniarrak ziren eta bigarrenarenak, berriz, anarkista frantses, italiar eta espainiarrak. Bestalde, Frantzia eta Prusiaren arteko gerraren ondorioak eta, bereziki, Parisko Komunaren porrotak (1871), eragin handia izan zuten LNEn, honek Komuna bultzatzeaz gain, Komunako kide asko LNEko kide ere baitziren.

Britainia Handiko trade unions delakoak izan ziren LNE utzi zuten lehenak eta beste herrialde batzuetako federazioek ere euren kabuz jokatu zuten. Hagan egin zen V. Kongresuan (1872) gehiengoa osatzen zuten marxistek anarkistak LNEtik bota zituzten. LNEko Kontseilu Orokorra, jada ahulduta zegoena, New Yorkera joan zen eta kongresu bat egin zen Filadelfian (1876); bertan Lehen Internazionala deuseztatzea erabaki zuten.

1871n LNEren Espainiako Federazioa sortu zen eta 1872an sozialista marxistak bota zituzten; hauek, Pablo IGLESIASEN zuzendaritzapean Federazio Sozialista Berria eratu zuten. 1879ko maiatzaren 2an, Madrilgo sozialistek Espainiako sozialista marxisten elkarte bat fundatu zuten: Alderdi Sozialista Langile Espainiarra (PSOE) eta 1881. urtean legeztatu zuten.

I. Kongresuan (1888) sindikatu sozialista bat sortzea erabaki zuten, alderdiaren eta langileen arteko lotura izateko; horrela sortu zen Langileen Batasun Orokorra (UGT).

Parisko Komuna: 1871ko martxoaren 26an Parisko Komuna autonomo eta iraultzailea sortu zen hiriko gaiak kudeatzeko Estatura jo beharrik ez izateko. Thiers Frantziako presidenteak Mac-Mahon jeneralari Paris erasotzeko agindu zion, Maiatzaren 28an, aste odoltsu baten ondoren, esperientzia iraultzaileak porrot egin zuen.